35 urteren ostean, abuztuaren 12an itzuli zen Euskal Herrira, Mexikon topatu zioten tumore bat artatzeko.
Gaizka Sopelana Aduriz euskal iheslari ohia hil da Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia). 55 urte zituen, eta 1981etik egon zen Euskal Herritik kanpo. Mexikon aurkitutako tumore bat sendatzeko itzuli zen abuztuaren 12an, baina ezin izan du gainditu, eta pasaden asteazkenean, azaroak 2, hil zen, hilabeteotan gaitzarekin borrokan aritu ostean.
Bilbon jaio zen Sopelana, eta, amnistiaren aldeko mobilizazioetan hainbat aldiz atxilotua izan ostean, ETApm-k Javier Ruiperez politikaria aske uztearen truke atera zuten kartzelatik, beste hainbat presorekin batera. Erbestean egon zen geroztik, abuztuan itzuli arte. Dozenaka lagunek egin zioten ongietorria Gurutzetako ospitaleko atarian.
Sopelanaren itzuleraren harira, iheslari eta errefuxiatuen egoera salatu zuen Sarek. Adierazi zuen haiek ere badutela osasunerako eskubidea, baina azaldu zuen egun duten "testuinguru juridikoaren eta jazarpenaren ondorioz" traba asko dituztela, eta eskubide hori ere etengabe urratzen zaiela.
